Leizarraga

Leizarraga Leizarragaren bizitza Karlos I. eta Felipe II.aren erregealdien artean igaro zen. Espainia Gaztela eta Aragoiko erregeen menpe zegoen bitartean, Nafarroa Frantzia eta Aragoiko erresumen artean eztabaidan zebilen. Nafarroako erregina Joana Albretekoa zen. Leizarraga: bizitza Joannes Leizarraga Beskoitzen jaio zen 1525ean. Jaiotzez lapurtarra izan arren, behe-nafarrera zen bere hizkera. 1601. urtean hil zen Lapurtiko Bastidan. 1560. urtean, Nafarroako erreginak erlijio katolikoa utzi, eta protestante bilakatu zen. Leizarraga ere protestantismora aldatu zen. Giro horretan, Nafarroako erregina Joana III.a Albretekoak Testamentu Berria itzultzeko eskatu zion Leizarragari. Horretarako, lau laguntzaile protestante izendatu zituen Leizarragaren lana aztertzeko eta zuzentzeko. Leizarragak hala egin zuen: Iesus Christ gure Iaunaren Testamentu Berria itzuli zuen. Esan daiteke lan hori, 1571n argitaratua, euskal literaturaren lehen euskal prosa dela, nahiz eta batzuek esan Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae liburuaren hitzaurrea dela lehena. 1567an ministro izendatu zuten eta Bastidara (Labastide-Clairence) bidali zuten.

Leizarragaren obra Leizarraga ez da sortzailea, ez baitu sortu bere baitako obrarik. Beraz, itzultzailea da, eta, askoren ustez, euskal literaturak izan duen onena. Leizarragak 1571n Iesus Christ gure Iaunaren Testamentu Berria argitaratu zuen, Nafarroako erreginak eskatuta. Liburuan bertan, "Gomendiozko carta" eta "Heuscalduney" izeneko atalak idatzi zituen. Lehenengoa Nafarroako erreginari zuzenduriko gutun bat da, eta bertan Leizarragak dio ez dakiela gai izango den agindutakoa ondo egiteko; beraz, horrelako galderak egiten dizkio bere buruari: Nor zara zu erreginari itzulpena eskaintzeko? Hobeto egingo al luke beste batek? Bigarrena lexiko zerrenda bat da, lapurterako eta zubererako hainbat hitz azaltzeko. Horretaz gain, beste obra batzuk idatzi ditu: Kalendrera. ABC edo Christinoen Instructionea. Leizarragaren estiloa Leizarragaren hizkera aztergai izan da sarritan. Testamentu Berria liburuko hasierako zatian aipatzen duen bezala, bere nahia ahalik eta gehienek ulertzeko moduko euskara aukeratzea da; izan ere, kontuan hartu behar da zein zen obraren helburu erlijiosoa. Hala ere, Leizarraga oso mugatuta zegoen: Bere herriko euskarak, lapurtera, ez zion balio, ez baitzuten denek ulertuko. Itzulpena ahalik eta fidelena egin nahi zuen eta horretarako ez zion edozein euskarak balio. Prosa landu gabe zegoen eta, beraz, ez zeukan jarraitzeko eredurik. Hamaika azterketa egin arren, oraindik ez dute zehaztu zein izan zen Leizarragak aukeratu zuen euskara. Hala ere, zerbait badakite: Testamentu Berria liburu osoan zehar lapurtera da nagusi, eta behe-nafarrerako eta zubererako hainbat forma azaltzen dira; beraz, pentsa daiteke hirurak batu zituela jende gehiagorengana iristeko, ala bere euskalkia horrelakoa zen? Hizkuntzalarien iritziak Zein euskalki aukeratu zuen Leizarragak, Testamentu Berria itzultzeko? Zenbat aldiz galdetu ote zioten hori beren buruari Koldo Mitxelenak, Louis Lucien Bonapartek, Lafittek, Hugo Schuchardtek Leizarragaren euskalkia zalantzaz inguratuta dago, eta hizkuntzalariek hipotesiak besterik ez dituzte egin: Lafitteren ustez, Leizarragaren euskara bere etxekoa da, liburuan aipatzen duen bezala. Leizarraga Lapurdikoa zen eta Lapurdiko apaiz katolikoengandik ikasitako euskara erabili zuen. Bonapartek dio garai batean bere herrian, Beraskoitzen, lapurtera, behe-nafarrera eta zuberera bat zirela eta Leizarragak itzulpena egin zuenean oraindik hirurak bereizi gabe zeuden. Horregatik, hiru euskalkietako hitzak agertzen dira. Mathieu Renиж Lafonek esan zuen Beskoitzen baxenafar eta zuberotar asko bizi zirela. Horretaz gain, gurasoak eta aitona-amonak baxenafarrak zituen eta erreginak ezarritako laguntzaileak zuberotarrak ziren. Iritziak iritzi, badirudi Leizarragak aipatutako hiru euskalkietatik hartutako formak dituela; hala ere, ez dakigu zein euskalki aukeratu zuen Leizarragak.

Axular

Leizarragak ireki zion bidea euskal prosari. Baina historiak norabide berri batzuk markatu zituen, egile kalbinista honen lorpenak gaindituz. XVII. mendea goren aldia izan zen euskal hizkuntzarako. Trentoko Kontzilioak aire berriak ekarri zituen, eta aldaketa politikoek eta arteak zeramaten indarra ez zen oharkabean pasatuko euskal egileentzat. Sarako eskolan Axular azpimarratu behar da, garai distiratsu honetan oso gora jaso baitzuen literaturaren maila. Pedro Daguerre Azpilicueta, Axular Benetako izena Pedro Daguerre Azpilicueta zuen, eta Urdazubin (Goi Nafarroa) jaio zen 1556an. Axular baserrikoa zen, eta hori zela eta Axular goitizenaz ezagutzen zuten. Ez dakigu non egin zituen ikasketak, baina Urdazubiko monasterioan egingo zituela pentsatzen da. Ondoren, Iruñera joan zen, eta han giza-zientziak, erretorika eta filosofia ikasi zituen. Ziur dakiguna da Salamancan Teologiako hiruzpalau urte egin zituela; izan ere, Koldo Mitxelenaren senitarteko batek 1972an haren titulua aurkitu zuen, eta Axularrek berak Gero bere liburuan bi irakasle aipatzen ditu. 1596an apaiztu zen Tarbesen (Frantzia). Ondoren, Sarako erretoreak bere kargua utzi zuenean, Axularri eman zioten, 1600. urtean. Hala ere, Axularrek gogor borrokatu behar izan zuen postu hori lortzeko; dena dela, bera ez zen Frantziakoa, eta Donibane Lohizuneko Harostegitar Joanes izeneko apaiz batek hori leporatu zion, esanez ezin zela Sarako erretorea izan frantziarra izan gabe. Axularrek Frantziako Enrike IV.aren oniritzia jaso zuen, eta Sarako erretore gisa luze bizi ondoren, 1644an hil zen. Axularren garaia oso garai aberatsa izan zen. Egoera politikoari dagokionez, Espainia eta Frantzia bereizi behar dira: Espainian beherakada gertatzen ari zen bitartean, Frantzia goraka zihoan. Bi herrialdeak katolikoak ziren, baina Frantzian jakin-nahia piztu zen. Horretaz gain, 1659an Pirinioetako Bakea sinatu zuten, eta beraz, garai baketsua zenez gero, kultura lantzeko garai aproposa ere bazen. Erlijioari dagokionez, Axularrek Gero liburua idatzi zuenean, katolizismoa finkatuta zegoen Frantzian; beraz, guda garaia amaituta zegoen. Axularren obra Axularrek Gero idatzi zuen. Berez, benetako izenburua Gero: bi partetan partitua eta berezia da. Horri dagokionez, misterio txiki bat dago, alegia: zergatik jartzen du liburua bi zatitan dagoela partiturik? Emmanuel Intxauspe eta Lafitte-ren ustez, bi zati horiek liburuan bertan daude, Axularrek liburuan esaten duen bezala, baina idatzi zuenean adineko gizona zenez, lan guztia nahiko desordenaturik egin zuen. Villasante eta Haritchelharren ustez, guregana iritsi den Gero lehenengo zatia da, eta bigarrena, berriz, ez zuen idazteko denborarik izan edo galdu egin da. Hala izan ala ez izan, argi dago Axular maisu izan zela, eta askok jotzen dutela euskal prosaren maisutzat. Gero liburura itzuliz, aipatu behar da mezu argi bat duela: "gizonak luzamendutan aritu gabe, ekintza onak geroko utzi gabe, Jainkoarengan bildu behar du". Bertan erabiltzen duen hizkera Urdazubiko lapurtera da: erraza eta herrikoia. Liburuaren egiturari dagokionez, hiru zati bereizten dira: "Gomendiozko carta", "Iracurtçaileari" eta "50 kapitulu".Etxeberri Ziburukoa XVII. mendea oso garai aberatsa izan zen, eta honek kulturarako egoera egokiena sortzen zuen. Epe honetan, Axularrekin batera, Sarako Eskolan Jean Etxeberri nabarmendu zen..

Jean Etxeberri

Ez dakigu noiz jaio zen Jean Etxeberri, baina kontuan izanik bere lehenengo liburua 1627an argitaratu zela, pentsa dezakegu 1580 inguruan jaio zela, Ziburun. Jesuitekin ikasi zuen Pauen, eta ondoren, teologian doktore egin zen. Latinean aditua izan zen. Literaturan aritu baino lehen, ontzigintzan ere egin zuen lan. Ziburuko Etxeberriren hiru obra ezagutzen dira: Manual Devotionezcoa. Noelac eta bertze kanta espiritual berriak. Eliçara erabiltceco liburua. Oihenart autorearen ustez badira beste hiru: Familiako Gutunak, Eguneroscoa eta Hiztegia. Hala ere, azken hiru hauei dagokienez, esaten da Manual Devotionezcoaren barruan daudela. Obra eta estiloa Ziburuko Etxeberriren estiloa aztertu ahal izateko, idatzi zituen hiru obrak banan-banan aztertuko ditugu: Manual Devotionezcoa: 1627. urtean argitaratu zuen Bordelen; 1669an bigarren edizioa kaleratu zuten. Bi zati ditu: lehenengo zatiak 3.814 bertso ditu, eta kristau zintzoak jakin behar dituen gauzak azaltzen ditu. Bigarren zatiak 4.000 bertso ditu, eta honakoa du gaitzat: kristau-bizitzaren edozein unerako otoitzak. Ia liburu guztia bertsoz eginda dago; hala ere, zenbait zati hitz lauz idatzi zituen, hainbat otoitzekin eta erregurekin. Noelac eta bertze kanta espiritual berriak: 1631n argitaratu zuen Bordelen. Beste zenbait edizio ere ezagutu dira. Liburu honetan hainbat gai jorratzen dira: Gabon kantak, Jesusen bizitza eta pasioa eta santuei buruzko kapituluak. Eliçara erabiltceco liburua: 1636an argitaratua, eta 1665ean eta 1666an berrargitaratua. Oihenarten arabera liburu honetan Etxeberriren bertsogintzako akatsak ikusten dira: ez ditu neurriak errespetatzen eta hitz maskulinoak eta femeninoak nahasten ditu. Hainbat adituk bere bertsogintza akatsez josita zegoela aipatu arren, Ziburuko Etxeberri maisu zen idazten. Erabiltzen zituen teknikak oso aberatsak ziren, nahiz eta askotan arauak ez errespetatu. Bere errima izugarri aberatsa zen. Estiloari dagokionez, berezko ezaugarri asko ditu. Hona hemen sailkapen txiki bat: Ergatibo plurala (nork kasua) -ek edo -ak jartzen du, egin nahi duen errimaren arabera. Ene eta neure bereizten ditu (neure forma erreflexibo gisa jartzen du). Eta juntagailuak bi izen elkartzean, bigarren izena bakarrik mugatzen du, singularrean edo pluralean. Konparazioetan ecen darabil, gure bainoren ordez. Konpletibo eta erlatibozko bukaerak, -ela eta -ena, nahasten ditu. Izan eta izatu formak erabiltzen ditu. Subjuntiboaren formari hasierako de- kentzen dio: (de)ezazun. Hitanoa asko erabiltzen du.
Hosted by uCoz