EtxepareAhozko tradizioa aberatsa izan arren, XVI. mendera arte euskarazko idatziak urriak dira. Glosas emilianenses (X. mendea) delakoan, eskuz idatzitako euskarazko lehenengo testuak aurkitzen ditugu. Codice Calixtinok ere euskal hitz batzuk aipatzen ditu, Santiago bidean dauden herrien ibilbidean bilduta. Baina XVI. mendera arte, ez zen garatu idatzitako euskal literatura berez. Mende honetan euskarazko lehenengo liburua argitaratuko da, Linguae Vasconum Primitiae, eta lehenengo itzulpen metodikoa izango dugu, Leizarragaren eskutik. Etxepare: bizitza eta obra Bernart Etxepareren bizitzaz ez dakigu gauza handirik. Bere olerki liburuan dioenez, Donibane Garazi aldamenean dagoen Eiheralarre herriko apaiza izan zen. Gutxi gorabehera 1493. urtean jaio zen. Bestalde, preso egon zen Fernando Katolikoak Joana III.a Albretekoa Nafarroako erreginaren aurka egindako guda garaian. Etxeparek euskal literaturaren lehenengo liburua ekarri zigun. 1545ean Bordelen argitaratu zuen: Linguae Vasconum Primitiae. Bertso liburua da; hala ere, 31 lerroko hitzaurrea du, eta hainbat hizkuntzalariren ustez, hori jo daiteke lehen euskal prosatzat ere. Hala izan ala ez izan, Etxeparek badaki bere lana euskal literaturaren lehen liburua dela, bere obran erakusten duen bezala. Bere olerkia egiteko bertsolaritza teknikak erabiltzen ditu, poeta landuen metrika ez baitu ezagutzen. Linguae Vasconum Primitiae liburuko gaiak lau dira: Erlijioa (I. eta II. kapituluak): Ama Birjina eta kristau ikasbidea. Amodioa (III. - IV. kapituluak): bertso lizunak. Autobiografikoa (XIII. kapitulua): espetxean emandako egun beltzak kontatzen ditu. Euskararen laudorioak (XIV. eta XV. kapituluak). Gai horiek oso bereziak dira; izan ere, herri poesiak nekez jorratutako gaiak dira. Beraz, alde horretatik berritzailea da. Etxepareren hizkera eta euskara Etxepareren hizkerak hizkuntzalari eta aditu askoren interesa piztu du. Etxeparek, Leizarragak ez bezala, ez zuen euskara batu batekiko kezkarik. Berak euskara kanporatzea zuen helburu: Linguae Vasconum Primitiae liburuko olerkietako batean, "euskara jalgi hadi kanpora" esaldiaz baliatuz, argi uzten du zein den bere asmoa. Beraz, bere obra idazteko dakien euskara bakarra aukeratzen du: ekialdeko behe-nafarrera. Etxeparek berezko ezaugarri batzuk ditu bere idazkeran, esaterako: Bokalarteko r eta h mutu egiten ditu batzuetan. Hasierako h mutu egiten du batzuetan. Ez du -a mugatzailea ipintzen. Oro har, Etxepareren ortografia nahiko irregularra da, eta hori ahozko hizkuntzan oinarritu den seinale da; izan ere, bere liburua izan zenez euskaraz argitaratutako lehena, ez zuen euskal hizkuntza idatziaren eredurik. |